
Innotub II proiektua azken txanpan sartzen ari da, eta ikerketaren lehen emaitza garrantzitsuak agertzen hasi dira. Proiektuan parte hartzen duten bost ikerketa-erakundeetako kideek (NEIKER, Anses, ENVT, IRTA-CReSA eta UAB) proiektuaren ekintza nagusietan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte, eta elkarrekin aztertu dituzte behin-behineko emaitzak eta datozen hilabeteetarako lan-plana.
Alde batetik, ENVTko eta UABko kideek batez ere biosegurtasunari, zaintzari eta arrisku-analisiari buruz eztabaidatu dute, bakoitzaren ikerketak alderatuz eskualde-testuinguru bakoitzeko egoera berezien arteko sinergiak eta desberdintasunak identifikatzeko. Bestetik, NEIKER, Anses eta IRTA-CReSAko kideek, alde batetik, transmisioari eta filodinamikari buruzko ikerketetan, eta bestetik, tuberkulosia kontrolatzeko diagnostiko-tresna eta txerto berrien garapenean jarri dute arreta.

Koordinazio-bilera, otsailaren 26an eta 27an Bellaterran izan da IRTA-CReSAk eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak antolatua, eta proiektuaren lan-plan bateratuaren egoera aztertzeko ere baliatu da, erakunde bakoitzaren ardurak zehaztuz. Halaber, proiektuaren komunikazio-ekintzen egungo egoera azaldu da. Etorkizuneko ekintzen artean, Innotub II proiektuaren amaierako ekitaldiaren data zehaztea adostu da; ekitaldia urte amaiera aldera egingo da Euskal Herrian.

Topaketak, gainera, erakunde desberdinetako kideen arteko harremanak sendotzeko eta ikerketa-zentro ezberdinetako ikertzaileen arteko elkarrizketa informalak sustatzeko aukera eman du. Bilera otsailaren 27an, ostiralean, agur-bazkari batekin amaitu zen.