Tuberkulosiaren aurkako hiru txerto prototipok lesioak eta bakterio-karga murrizten dituzte ahuntzetan

10 November 2026

Txertaketa animalien tuberkulosia kontrolatzeko eta desagerrarazteko programak osatzeko tresna esperantzagarria da, bereziki, infektatutako animaliak diagnostiko bidez identifikatu eta kentzen oinarritzen diren estrategiek gaixotasuna ezabatzea lortu ez duten edo estrategia horiek aplikatu ezin diren eskualdeetan. Hala ere, txertoak erabili ahal izateko, eraginkorrak izateaz gain, diagnostiko-teknikekin bateragarriak ere izan behar dute.

INNOTUB II sareko kideek aurrez egindako lan batean, hainbat prototiporen eraginkortasuna eta diagnostikoan eragiten zuten interferentzia ebaluatu ziren, sagu-eredu batean. Ikerketak txerto bizi bat, beroaren bidez inaktibatutako mikobakterioetan oinarritutako txertoak eta bakteriofagoen bidez inaktibatutako beste batzuk barne hartu zituen. Azken horiek bakterio bizien profil antigenikoaren antzeragokoak izateko diseinatu ziren, tratamendu termikoarekin lortzen denarekin alderatuta; izan ere, tratamendu termikoan antigeno horien desnaturalizazio kontrolgabea gertatzen da. Emaitzetan oinarrituta, hautagai interesgarrienetako batzuk aukeratu ziren, infektatutako ahuntzetan tuberkulosiaren aurrean zuten jarduera sakonago aztertzeko.

Duela gutxi Vaccine aldizkarian argitaratutako lan honetan (artikulurako esteka), NEIKEReko eta IRTA-CReSAko ikertzaileek hiru txerto prototipok Mycobacterium caprae bakterioarekin infektatutako ahuntzen patologian, bakterio-kargan eta erantzun immunologikoan dituzten ondorioak aztertu dituzte, babes-eraginkortasunean eta diagnostiko-interferentzian arreta berezia jarriz. Ebaluatutako txertoak honako hauek izan ziren: beroaren bidez inaktibatutako Mycobacterium bovis-en oinarritutako txertoa (HIMB), fagoen bidez inaktibatutako M. caprae-n oinarritutakoa (PIMC) eta Mycobacterium microti-ren txerto bizi bat (LMM).

Lesio guztien larritasuna nabarmen murriztu zen txertatutako animalietan, immunizatu gabeko animalia infektatuekin alderatuta. Gainera, txertoetako batzuek ondorio onuragarriak eragin zituzten gaixotasunaren bilakaerarekin lotutako beste parametro batzuetan ere, hala nola bakterio-kargaren murrizketan, kaltetutako gongoil linfatikoetako lesioen bolumenean, birika-ehunaren mineralizazioan eta infekzioa bakterioen sarrera-eremutik harago hedatzean.

Animalien tuberkulosia diagnostikatzeko probak egiten zaizkien animalietan txertoak erabili ahal izateko beste alderdi giltzarri bat interferentziak saihestea da, hau da, positibo faltsuak sortzen dituzten erreakzio gurutzatuak ekiditea. Hiru hautagaiek interferentzia arina erakutsi zuten gamma interferoi jarioaren proba ofiziala tuberkulina konbentzionalak erabiliz egin zenean. Hala ere, txertatutako animaliak benetan infektatutako animalietatik bereizteko diseinatutako antigeno definituak erabiltzean (DIVA antigenoak, ingelesezko Differentiating Infected from Vaccinated Animals) hiru txertaketa motak izan ziren bateragarriak diagnostikorako proba berarekin.

Emaitzen arabera, ebaluatutako hiru prototipoetako edozeinekin egindako txertaketak M. caprae-ren infekzioaren aurkako erantzuna hobetzen laguntzen du, HIMB eta LMM txertoekin era nabarmenagoan. HIMB prototipoa bakterio-karga murrizteko eta berezko erantzun immunologikoa indartzeko gaitasunagatik nabarmendu zen. Gainera, diagnostiko-probetan interferentzia minimoa mantendu zuen, bereziki DIVA erreaktiboak erabili zirenean. Bestalde, LMM txertoak DIVA diagnostiko-estrategiekin bateragarritasun bikaina erakusteaz gain, lesio eta bakterioen murrizketa nabarmena ekarri zuen. Beraz, LMM aukera interesgarria da ere, nahiz eta biosegurtasunari lotutako eragozpenak izan ditzakeen, txerto hila ez delako. PIMC prototipoak ere ondorio positiboak eragin zituen aztertutako hainbat parametrotan, baina neurri apalagoan. Dena den, lehen bertsio horrek muga teknikoak ditu oraindik ere, fagoen bidezko inaktibazio-prozesuan material antigenikoa galtzearekin lotutakoa. Prozesu hori optimizatzeko ari dira lanean.

Oro har, txerto horiekin lortutako emaitzek ikerketa berriak egitea justifikatzen dute, animalien tuberkulosia kontrolatzeko tresna osagarri gisa izan dezaketen erabilgarritasuna aztertzeko eta sendotzeko.

Proiektuaren koordinatzailea
Bazkideak
ERAKUNDE ELKARTUTAK:
Finantzaketa
envelopecrossmenu