
Innotub II proiektuaren esparruan, FarmR!SK web aplikazioa garatzen ari dira ustiategi bakoitzaren biosegurtasun maila kalkulatzeko; zehazki, behi-tuberkulosia, behi-errinotrakeitis infekziosoa (IBR) edo behi-beherako birikoa (BVD) bezalako gaixotasunak eragin ditzaketen patogenoak sartzeko arriskua ebaluatzeko, besteak beste, eta horiei irtenbideak emateko.
Web aplikazioak hainbat parametro hartzen ditu kontuan, ustiategia seguruago bihurtuko luketen hobekuntzak simulatzeko aukera emanez. Albaitari eta ustiategien kudeatzaileek alderdi hori oso baliagarria dela uste dute.
Tresna berri honen erabilera oso erraza da: nahikoa da ustiategi bakoitzeko egungo biosegurtasun neurriak eta arriskuarekin lotutako bestelako datuak sartzea, hala nola animalien mugimenduak, pertsonen bisitak, fauna basatiarekiko kontaktu-puntuak edo higiene-neurriak. Informazio horretatik abiatuta, algoritmo batek patogenoak sartzeko arriskua kalkulatzen du, eta, zehazkiago, sartzeko biderik probableenak identifikatzen ditu.
Analisiaren emaitzak lortu ondoren, tresnak aurretik sartutako biosegurtasun neurriak aldatzeko aukera ematen du, parametro bakoitza aldatzean arriskua nola aldatuko litzatekeen ikusteko, eta, horrela, hobekuntza-aukera desberdinak baloratu daitezke. Horrela, abeltzainak modu praktiko eta errazean jakin dezake nola murriztu ditzakeen arriskuak biosegurtasunaren kudeaketako funtsezko alderdiren bat aldatuz gero.
Tresna hau bere garapenaren azken fasean dago
FarmR!SK gaur egun probetan dago abeltzainekin. Une honetan helburua alderdi grafiko eta bisuala ebaluatzea da, hau da, datuak azken erabiltzaileak erraz interpretatzeko moduan aurkezteko modurik egokiena zein den aztertzea
Une honetan helburua alderdi grafiko eta bisuala ebaluatzea da, hau da, erabiltzaileak datuak erraz interpretatzeko, hauek aurkezteko modurik egokiena zein den ebaluatzea.
«FarmR!SK abeltzainek eta albaitariek beren ustiategietako biosegurtasun maila zein den jakiteko eta neurri zehatzekin nola hobetu dezaketen ezagutzeko beharretik sortu da», azaldu du Alberto Allepuzek, UABko Animalien Osasun eta Anatomiako Saileko irakasle eta Innotubeko kideak. Tresna hau UABko Animalien Osasuneko Gaixotasun Kutsakorren Ikerketa Taldeak (TRANSMISAN) Natalia Ciria, Giovanna Ciaravino eta Teresa Imperial ikertzaileekin batera egindako lanean urrats berri bat da.