Animalien tuberkulosia gaixotasun bakteriano bat da, bereziki erasaten diena behiei, ahuntzei eta basoko zenbait ugaztuni, eta eragin ekonomiko eta sozial handia sortzen du abeltzaintza sektorean, eta pertsonentzat ere infektatzeko arriskua eragiten du. Duela zenbait urtetik hona, Espainia eta Frantzia gaixotasun hori borrokatzen ari dira, produktibitatean eta balio genetikoan galerak saihesteko, animali produktuen mugimenduak eta merkataritza murrizteaz gain. Pirinioez gaindiko eskualdean gaixotasunaren prebalentzia txikia bada ere, agerraldiak izaten dira mugaz bi aldeetako etxaldeetan, eta desagerrarazteko tokiko programek kostu ekonomiko handia dute, abeltzaintza sektorean eraginkortasunari buruzko mesfidantza eragiteaz gain.
Arazoaren aurrean, INNOTUB proiektuak mugaz gaindiko diziplina askoko sare bat sortu eta finkatuko du, animali tuberkulosia kontrolatzeko programetan inplikaturiko eragileen arteko loturak indartzeko eta sinergiak sortzeko, Pirinioez gaindiko eskualdean. Proiektuaren koordinatzailea Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutuko (IRTA) Animalia Osasuneko Ikerketa Zentroa da (CReSA), eta partaideak dira Frantziako Elikadura, Ingurumen eta Okupazioaren Segurtasun eta Osasunerako Agentzia (ANSES), el Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea (NEIKER), Frantziako Tolosako Albaitaritza Eskola Nazionala (ENVT) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB).
Sarearen helburu nagusietako bat da gaixotasuna sakonago ezagutzea, eskualdean agerraldiak gertatzeko arrisku faktoreak identifikatzeko. Horrez gain, diagnostikorako probak hobetuko dira, eta txerto posibleak eta gaixotasuna kontrolatzeko beste tresna batzuk ebaluatuko dira. Gainera, ustiategietako biosegurtasun neurriak hobetuko dira, etxalde bereko abereen arteko kutsatzeak galarazteko, baina baita ere basa animaliekiko kontaktua saihesteko ere, izan ere, gauza jakina da basurdea eta oreina bezalako animaliak gaixotasunaren erreserborio izan daitezkeela eta ganaduari transmititu. Duela gutxi, identifikatu da azkonarra eta basoko beste karraskari batzuk ere erreserborio potentzial izan daitezkeela.
Abeltzainen eta albaitarien arteko transferentzia eta komunikazioa
Pirinioez gaindiko eskualdean animali tuberkulosiaren hainbat agerraldi gertatu direlarik, komunikazio eta konfiantza falta dago abeltzaintza sektorearen, albaitaritza sektorearen eta tokiko administrazioen artean. Horretarako, INNOTUBek abeltzainen eta albaitarien arteko komunikazio ekintzak ere sustatuko ditu, tuberkulosia kontrolatzeko jarduerak indartzeko. Adibidez, prestakuntza programa bereziak garatuko dira gaitza desagerrarazteko inplikatuta dauden pertsonen artean, abeltzainei informazioa emanez gaixotasuna prebenitzeko eta detektatzeko neurriei buruz.
INNOTUB proiektuak bi urte eta erdiko iraupena izango du, eta INTERREG POCTEFA 2014-2020 Programak finantzatzen du; lurralde lankidetzarako Europako programa bat da hori, eta Espainia, Frantzia eta Andorra arteko muga ingurunearen garapen jasangarria sustatzeko sortu zen. Erkidegoaren laguntza finantzario hori ingurunearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzera zuzentzen da, tokiko biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Gainera, programatzen diren proiektuek Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa ere jasotzen dute.
Lotutako argitalpenak