INNOTUB proiektuak webgunea estreinatu du

16 October 2020
  • INNOTUBen webgunea erabilgarri dago jada (innotub.eu); bikaintasunezko sare zientifiko bat da, ganaduaren zein basa faunaren animali tuberkulosia kontrolatu, ikuskatu eta desagerrarazteko, arreta berezia jarriz Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko eskualdeari.
  • Proiektuaren taldea hasi da lehen ekintzak egiten, hala nola karraskariak harrapatzea, gaixotasunaren epidemiologian jokatzen duten rola ebaluatzeko, eta komunikazio ekintzak abeltzainen sektorearekin, ustiategien biosegurtasuna ebaluatzeko.

INNOTUB proiektuak gaur aurkeztu du bere webgunea, bost hizkuntzatan erabilgarria (katalana, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta euskara), zeinean mugaz gaindiko diziplina askoko sarea horren informazio guztia aurkitu baitaiteke, helburua izanik loturak sendotzea eta sinergiak sortzea, mugaz gaindiko eskualdean animalien tuberkulosia kontrolatzeko programetan inplikaturiko eragile guztien artean. Proiektuaren koordinatzailea Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutuko (IRTA) Animalia Osasuneko Ikerketa Zentroa da (CReSA), eta partaideak dira Frantziako Elikadura, Ingurumen eta Okupazioaren Segurtasun eta Osasunerako Agentzia (ANSES), Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea (NEIKER), Frantziako Tolosako Albaitaritza Eskola Nazionala (ENVT) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB).

Joan den irailaren 21ean, taldeak aurrerapena lantzeko lehen bilera egin zuen, proiektuaren lehen ekintzak prestatzeko, horien oinarrian egonik animali tuberkulosiaren epidemiologia hobeto ezagutzea eta kudeaketa hobetzeko biosegurtasun neurrien eragina aztertzea. ENVTk koordinatutako ekintza horrek bi helburu nagusi bete nahi ditu.

Tuberkulosiaren azterketa karraskarietan

Lehenik eta behin, basoko karraskari txikiek Mycobacterium microti-aren zirkulazioan jokatzen duten rola ebaluatuko da, bakterio hori delako espezie horien tuberkulosiaren eragilea, ganaduari transmititu dezaketena. Horregatik, karraskarien harrapaketak antolatzen ari dira zazpi lekutan, hazkuntza ustiategietan eta Pirinioetako bi haranetako larre guneetan banatuta, Katalunian. Gune bakoitzean, aurreikusita dago karraskariak harrapatzea 5 egunez jarraian. Harrapaketen lehen kanpaina 2020ko urrirako aurreikusita dago. Eta beste hiru kanpainak jarraituko diote horri, 2021eko udaberrian, 2021eko udazkenean eta 2022ko udaberrian. Harrapatutako karraskariei probak egingo zaizkie, egon daitezkeen M. microti infekzioak hautemateko. Euskal Herrian antzeko ikerketa bat burutuko da eskema berari jarraituz.

Parany de rosegador. Autor: Wildlife Conservation Medicine Research Group (WildCoM) of UAB

Landa azterketa horrek aukera emango du bakterioak karraskarien populazioetan duen prebalentzia kalkulatzeko, eta eskualdeko behi azienden ustiategietan infektatzeko arriskua hobeto ulertzeko. Gainera, zeregin hori osatzeko, IRTA-CReSA azterketa bat egiten ari da, baldintza esperimentaletan, bere biosegurtasun handiko laborategietan, lursaguen artean tuberkulosia transmititzeko ahalmena aztertzeko.

Abeltzainekin komunikatzea

Horrez gain, ganaduaren hazkuntzako biosegurtasun praktikak karakterizatu eta hobetu nahi dira, behien tuberkulosia kontrolatzen laguntzeko. Horretarako, 40 elkarrizketa antolatuko dira Kataluniako eta Euskal Autonomia Erkidegoko 40 abeltzaini Espainia aldean eta Pirinio Atlantikoetako 40 abeltzaini Frantzia aldean. Elkarrizketetan, ikertzaileek datuak jasoko dituzte abeltzaintzako praktikei buruz, ustiategietan inplementatutako biosegurtasun neurriei buruz, eta abeltzainek praktika horien eraginkortasunaz dituzten pertzepzioei buruz. Elkarrizketak Frantziako eta Espainiako albaitaritza zerbitzuen laguntzaz antolatuko dira, eta 2021eko urtarrilean hasiko dira. Jasotako datuek eskualdeko abeltzainek biosegurtasunari dagokionez duten profila zehazten lagunduko dute, eta arriskuaren azterketak egiteko ereduak garatzeko erabiliko dira.

INNOTUB proiektuak bi urte eta erdiko iraupena izango du, eta INTERREG POCTEFA 2014-2020 Programak finantzatzen du; lurralde lankidetzarako Europako programa bat da hori, eta Espainia, Frantzia eta Andorra arteko muga ingurunearen garapen jasangarria sustatzeko sortu zen. Erkidegoaren laguntza finantzario hori ingurunearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzera zuzentzen da, tokiko biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Gainera, programatzen diren proiektuek Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa ere jasotzen dute.

Proiektuaren koordinatzailea
Bazkideak
Finantzaketa
envelopecrossmenu